XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakurgai osagarria.

HAIZEAREN ENERGIA

Don Kixotek erraldoi beldurgarritzat hartu zituen Mantxako haize-errota dotore haiek, aintzinako bitxikeria eta oroigarri irudi dakizkioke askori.

Halere, etorkizuneko energiaren zati polit bat haize-errotetatik lor dezakegu.

Hamaika gizaseme ari da haizearen energiaz baliatzeko tresnak, aerosorgailuak diseinatzen eta horien martxa aztertzen.

Eta deskuidatzen bagara, laster gure herrietako bazterretan, zut eta tinko ikusi ahal izango ditugu haize-errotak.

Historia apur bat

Pertsian kokatzen da haize-erroten jaiotza.

Akaso, han jaio ez baziren ere, hauei buruzko lehenengo erreferentziek Pertsiako haize-errotak aipatzen dituzte.

VII mendearen inguruan sortu ziren eta bazuten bitxikeria bat guk ezagutzen ditugunekin gonbaratuta: ardatza zuta zeukaten, hots, palak lurrari paralelo zitzaizkion.

XIII mendearen bukaeran edo IX mendearen hasieran arabiarren eskutik europaratu ziren haize-errotak.

Halere, XII menderarte ez zen ugaldu.

Haize-errotez ezagutzen den lehenengo ilustrazioa XIII mendekoa da eta Inglaterrako Canterbury-n egina da 1260aren inguruan.

Urteen poderioz haize-erroten erabilpena, ugalduz joan zen.

gainera herri eta nazio desberdinetan itxura eta nortasun propioak hartu zituzten.

Mantxako errotak, Herbeherekoak, Greziakoak etab.

Nola sortzen da haizearen energia?

Eguzkiak igortzen duen energiak ez du modu uniformean eguratsean airea berotzen.

Zenbait tokitan bestetan baino gehiago berotzen du.

Ondorioz, eguratsean tenperatur diferentzia sortzen da puntu desberdinen artean.

Tenperatur diferentziak presio-diferentziak eragiten ditu noski.

Atmosferak presio-diferentziak ezabatzeko haizea sortzen du.

Hitz laburretan, haizearen energia eguzkitiko energiatzat har daiteke.

Kalkulatu denez, Lurrera iristen den eguzki-energiaren ehuneko 2 haize moduan manifestatzen da.

Haizeak ere bidean obstakulo bat topatzen duenean horren kontra indar egiten du.

Tresna egokiren bidez haize-errota edo aerosorgailuen bidez alegia, indar horren zati bat berreskura daiteke beste zeregin batean erabiltzeko.

Garai batean zekaleak ehoteko edo osinetako ura azaleratzeko erabiltzen zen.

Egun, energia elektrikoa sortzeko, haizeari hartutako energia, dinamo antzeko baten bidez elektrizitate bilakatu nahi da.

Aerosorgailu batek probetxatzen duen energia, bi faktore nagusien araberakoa da: haizearen abiadura eta indarra jasaten duen azalerarena.